XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

2. UNITATE DIDAKTIKOA

MADE IN ZIMBABWE

SARRERA

Ikasturte honetako bigarren unitate didaktiko honekin, aurreko urteetan bezala ekonomi arloa landu nahi dugu, baina ez era deskriptibo soil batean, era orokorrago batean baizik.

Sektore ekonomikoak eta hauen bilakaera historikoa azaldu ditugu dagoeneko eta orain gaur egungo gizartea ikuspuntu ekonomiko batetik deskribatu nahi genuke.

Honetarako, lehen-lehenik eta aurreko urteetako eskemari jarraituz, hiztegi teknikoa landuko dugu, hainbat hitz, kontzeptu eta indize ekonomiko ulertzea behar-beharrezkoa baita gaur egun edozein albiste eta berri interpretatzeko.

Laburduraz jositako mundu batean IPK, inflazioa, JT, langabezia, aurrekontua e.a. zer diren jakitea oinarrizkoa izango da, ekonomiak, itxuraz behintzat, gure bizitza guztia gidatzen duen gune batean.

Beste ideia bat ere ezin ahatz genezake: globalizazioa.

Ikasturte honetan behin eta berriz azaltzen ari den bezala, ezin da, hala nahita ere, herrialde edo estatu bat isolaturik bizi gaur egun, munduko punta batekoak besteko egoera ekonomikoan pentsa ezinezko eragina duen momentuan.

Mundua merkatu handi bat bezala aztertuko dugu: bertako taldeak, salerosketa moduak...

Egoera orokor honek zer ondorio dakartzan herrialde garatu eta azpigaratuetan ere ikusiko dugu, azken hauen egoeraren kausa nagusienak hemen baitaude, hirugarren helburuan ikus dezakegunez.

Hirugarren helburuan garapen bidean dauden herrialdeetan oinarrituko gara, kontzeptu beraren esanahia argitu ondoren, azpigarapenaren kausak zein diren azaldu eta honi buruz dauden hainbat aurreiritzi oker zuzentzeko asmotan.

Herrialde garatuen eta garapen bidean daudenen arteko desberdintasunak ikusiko ditugu: zein diren, nola sortu diren, noren intereserako... globalizazioa noren alde edo aurka joan den nabarmena baita.

Eta azkenik, arazo hauen aurrean gure egoera eta jarrera zein den finkatu beharra dago.

Arazoa denena da, denok sortua eta denok parte hartu behar dugu hauen irtenbidea topatzen, azkenean lehentxeago edo beranduago guztiok jasango baititugu horren guztiaren eraginak. Ikasleak horretaz jabe daitezen lortu behar dugu eta beren partehartzea bultzatu.

Ikus daitekeen moduan arlo ekonomikoa lantzen badugu ere, zerikusi handia dute balore eta jarrerazko edukiek.

Ematen zaizkigun azalpenen aurrean kritiko izan behar dugula argi dugu, gure ongizatearen kausa beste batzuen zapalketan oinarritzen baita, eta guk ere zeresanik badugu egiten ari garen etorkizunean.

Ezaugarri ekonomiko hauek gizartean duten eragina unitate honetan izendatu bakarrik egin dugu, kontzeptu hau zabalago lantzen baita 3. unitatean.

Era berean, ez dago beste batzuetan bezala Euskal Herriari soilik zuzenduriko helburu didaktikorik, nahiz eta behin eta berriz azaltzen zaizkigun gure herriarekiko aipamenak lehen bi helburuetan eta baita azken bietan ere, zeharka.

Nahi izanez gero, datu ekonomiko gehiago erants zitezkeen honi buruz, baina lehen bi helburu eta hurrengo unitatean agertzen denarekin (egoera ekonomikoaren ondorio zehatzak gure gizartean... ), gure helburuak bete ditugula uste dugu, baina noski, beti bezala irakasle bakoitzak du azken hitza.